XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezer besterik esan baiño lehen, esan behar da, deklinabide hau ez dala guk asmatua.

Deklinazio hau, gutxi asko, euskal autore zahar eta berriek erabili dutena da.

Ez beti ondo, ez beti zuzen, baiñan, gure ustez behintzat, honela eman ez danean, guk eman duguna bezalakoa ez zalako ez da, ezen eta zenbait autorek zuzenez beste erabili zutelako eta oraindik ere, noizik behin behintzat, gaizki erabiltzen dugulako.

Deklinazio hau, R. M. Azkue-k Morfologia Vasca-n, P. Lafitte-k Grammaire Basque-n, eta, Fr. I. Omaetxebarria, O. F. M. 1962-ko EUSKERA-n dakartena bera da.

Eman dugun deklinazio hau, 1964-eko agorrillaren 29-30-ean Baiona-n egin zan Bilkura ederrean bildu ziran euskaltzale guztiek edo ia guztiek onartu zuten.

Punturen batetan diskusiorik izan ba zan ere, aurten, Ermua-n egin zan Biltzarrean bildu ziran euskaltzale guztiek onartu zuten orain zuei proposatzen dizuegun deklinazio hau.

Ez dago, ezer asmatu beharrik.

Zenbait aldakuntza txiki gora behera, ondotxo mugaturik aurkitzen baita euskal literatura zaharrean eta berrian ere, deklinazioa.

Azter dezagun orain, gutxi bada gutxi, presentatu dugun deklinazio hau.

Ez dezagun nahas deklinazioa deribazioaz.

Sufijo deribatiboen bidez hitz berriak eratzeko, formatzeko baliatzen gera deribazioaz.

Izenek, sustantiboek, adjetiboek eta prononbreek, desinenzia deklinatiben bidez, frase barruan duten egitekoa, funtzioa alegia, adierazteko baliatzen gera deklinazioaz.

Izen batek, prononbre batek desinenzia deklinatiben bidez hartzen duen formari, kaso deritzaiogu.

Nahiz eta autore gehienek beren gramatiketan, numeroari gagozkiola, kaso gehiago eman, guk hamairu jarri ditugu.

Lehendabiziko kasoari buruz, pasiboaz alegia, ez dugu ezer esango, denek berdin erabiltzen dugun ezkero: mendi-mendia-mendiak; gizon-gizon-a, gizon-ak.

Aktiboa: mendi-k, mendi-ak, mendi-ek; gizon-ek, gizon-ak, gizon-ek proposatzen da.

Egia da, gipuzkoarrok eta beste askok, aktibo plurala mendi-ak, gizon-ak esaten duguna, ak hori atona eginaz.

Baiñan, pasibo plurala eta aktibo singularra ere gizon-ak joan dira, gizon-ak egin du esaten dugun ezkero, hoiekin ez nahasteko, hobe deritzagu aktibo plurala gizon-ek ematea.